Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa)
*j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da.
Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))
Ez dugu maila honetako ezaugarririk.
Hizkeraren ezaugarriak (Beterrikoa)
Gaur egun indarra galtzen ari den arren, inguru honetako hizkeretan ohikoa izan da epentesia -u batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzean (-u + -a > -uba): bizituba, diruba, ikulluba...
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa)
Izenaren morfologia
Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...
Aditzaren morfologia
*edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak.
Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
-zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))
Aditz iragankorretako 3. pertsona pluraleko -te aldaera, Donostia-Hernani-Astigarraga lerrotik ekialdera erabiltzen da: zuten.
Aditz iragangaitzetako hitanoko adizki bereziak erabiltzen dira Gipuzkoako erdigunean: natxiok/natxion, gatxibek/gatxiben... Urolaldean ere badira halako adizkiak, baina Goierrin ez, eta ezta Donostia-Hernani-Astigarraga lerroan hasi eta Irun bitartean ere.
Ahalera osatzeko 'aditz nominalizatua + eduki/egon' egitura erabiltzen da Beterriko ardatz inguruetan: ekar dezaket → badakat ekartzia. Urolalde gehienera zabaldu da joera hau eta Goierrin ere sartzen ari da.
Mendebalean eta erdialdean nagusitu den 'partizipioa + TA' ez ezik, 'partizipioa + A' ere bada alderdi honetan: ibiliya.
Euskal Herriko erdiguneko beste hizkera batzuetan bezala, ateratu, bizitu, egondu, edukitu, ibildu, izandu, jakindu tankerako partizipioak erabiltzen dira.
Sarri erabiltzen da aditzoina (Mendebaleko euskalkian eta Gipuzkoako sartaldean zeharo galduta dago), nahiz eta ez diren zuzen bereizten beronen eta partizipioaren esparruak: senda dadilla.
Hizkeraren ezaugarriak (Beterrikoa)
Hitanoko adizkietako -txi- osagaia da Beterriko ardatzean abian jarri den berrikuntzetako bat. NOR-NORK sailean, NOR-NORI-NORK saileko iraganaldian eta trinkoetan agertzen da gehienbat. Urolaldera ere zabaldu dira.
Nori saileko morfema plurala den -z- txistukaria busti egiten da Beterriko hizkera gehienetan: dixkiu 'dizkigu' (Lasarte); dixkizut, zaxkiak (Usurbil); dixka 'dizkio' (Aginaga)...
Aditz iragankorren hirugarren pertsona pluralean, Tolosaldean -e marka erabiltzen da eta Sortaldean -te nagusitzen da. Beterrin bien arteko borroka dagoela dirudi.
NOR-NORI-NORK aditz sailean geni- > gini- / giñi- egin da Beterriko hizkera askotan: giñizun 'genizun'.
Ahalera osatzeko, 'aditz nominalizatua + eduki / egon' egitura erabiltzen da: ekar dezaket → badakat ekartzia / badago ekartzia.
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa)
Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))
Mendebalean eta Gipuzkoako sartaldean arrotza den bait- aurrizkia erabiltzen da kausa perpausetan.
Hizkeraren ezaugarriak (Beterrikoa)
Ez dugu maila honetako ezaugarririk.
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa)
Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...
Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.
http://www.lasarte-oria.org/ficherosFTP/es/Aldizkariak/Euskera/5.Euskararen_azterketa.pdf
No hay comentarios:
Publicar un comentario