domingo, 24 de marzo de 2013

Salacenco

Euskalkiaren ezaugarriak (Ekialdeko nafarra)
Euskara nafarraren ezaugarri diren sinkopak (hitz barruko bokalen galera) indartsuak dira Erronkarin eta Zaraitzun ere: burdina → burña, ebili  'ibili' → ebli... Bilakaera indartsua denez, erdaratik hartutako maileguetan ere gauzatzen da: bezpera → bezpra, denbora → denbra...
Nafarroako ekialdeko beste hizkera batzuetan bezala, x ahoskera dago euskal hitzetan: xakin, xan, xin... Eta baita mailegu zahar askotan ere: bixilia, frixitu... Baina mailegu berriagoetan gaztelaniako j berbera hedatu da, Hego Euskal Herri osoan bezala: baju, biaje, kejatu...
Ozen ostean ez da txistukari afrikatuen aldeko joerarik izan, mendebalean eta Sakana gehienean bezala: egóixtan zeiá, egítan zeiá...
Bokalarteko i → x bilakatu ohi zen sarri Erronkarin: aihen → axen, anaia → anaxe, eihar 'ihar' →  exar, oihal → oxal... Zaraitzun, ostera, i → Ø izan da inoiz emaitza, Nafarroako ekialdeko beste hizkera batzuetan bezala: anaia → anae, eihar → ear, leiho → le(g)o...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Zaraitzukoa)
Hitzoina -a + a → -ara absolutibo singularrean: ez ginuen denbra anitzez egin uskarara; guti xuntatzen zen gazteriara.
Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Ekialdeko nafarra)
Izenaren morfologia

Niaur, iaur, guaur, zuaur sortako izenordainak erabiltzen dira(Hego euskal Herriko gainerako hizkeretan neu / neroni tankerakoak). Izenordain horiek, bestalde, 'bakarrik' adierarekin ere erabiltzen dira Zaraitzun eta Erronkarin, Ipar Euskal Herriko eremu zabalean bezala.
Oso itxura berezia dute Zaraitzuko eta Erronkariko erakusleek: kaur, kori, kura, korrek, kemen, kona... Nafarroako ekialdeko beste hizkera batzuetan ere tankera berekoak erabiltzen dira, baina g- agertzen da hauetan k-ren ordainetan (gau, gori...)
Erdarazko -ón amaiera bere horretan uztea da Nafarroako ezaugarria, eta bilakaera horixe dago Zaraitzun eta Erronkarin ere: koltxona, limona... Bestela jokatzen zuten, hala ere, mailegu zaharretan: -oi zegoen Erronkarin (arraztoi, arrazoi), Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan legez, eta -io, berriz, Zaraitzun (arratio, arrazio), Nafarroako ekialdeko hizkerekin bat eginez.
Berorika tratamendua Hego Euskal Herri osoan hedatu zen, eta Zaraitzu eta Erronkariraino ere iritsi zen. Baina hemen ori, orrek izenordainak erabiltzen ziren (berori, berorrek ordez), Nafarroako ekialdeko beste alderdi batzuetan legez: órrek edatan du ánitx ardao 'berorrek anitz ardo edaten du'.
Euskara nafarrean -s da instrumentaleko morfema, baina ez Zaraitzun eta Erronkarin (ezta Aezkoan ere): zomat aldiz; anitz urtez.
Genitiboan -aren da morfema: suaren llamaren órdiara.
Euskara zuberotarrean bezala, indartsua da hitzak mugagabean erabiltzeko joera.
Ablatiboan, izen arrunten eta berezien arteko desberdintasuna gorde da, euskara zuberotarrean moduan: -ti(k) dago arruntetan, eta -(r)ik berezietan.
Ablatiboko ereduari jarraituz, adlatiboan ere izen arruntak eta bereziak desberdintzen dira (Zuberoan bezala): -ala (Zaraitzun) eta -ara (Erronkarin) daude izen arruntetan eta -ra berezietan.
Aditzaren morfologia

Euskal Herriko eremu zabalean erabiltzen da -en atzizkia geroaldian, partizipioa -n denean. Zaraitzun eta Erronkarin (Zuberoan ere bai inoiz) edozein amaieratako aditzekin erabiltzen da: hasiren, itzuliren...
Zuberoan bezala, 'partizipioa + rik' da ibar hauetako aukera bakarra: egonik, izanik... (-a eta -ta ez dira hona iritsi).
2. pertsonako adizkietan y- dago, Nafarroako gainontzeko hizkeretan bezala: hintzen → yitzan, huen → yuen...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Zaraitzukoa)
Dirudienez, -endako da destinatiboko morfema (orok. -entzat): gurendako.
Ipar Euskal Herrian bezala, zerendako esaten da (vs. Heg. zergatik): zerendako bear din galdu.
Nor-Nori-Nork  saileko erroa *eradun tankerakoa da: (erranen) dauzut 'dizut'.
Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Ekialdeko nafarra)
Ipar Euskal Herrian bezala, 'bai/ez' erako zehar galderetan -(e)nez atzizkia erabiltzen da: txókatzen zidaxu zúek entendátren zienéz uskéra 'txokatzen zait zuek entendituren duzuenez euskara'.
Ipar Euskal Herrian bezala, 'anitz' izenaren ezkerretara nahiz eskuinetara ager daiteke: aniz pena; aniz urtez; denbra anitzez.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Zaraitzukoa)

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Ekialdeko nafarra)
Aldaerak: baia 'baina' (Bizkaia gehienean, Sakanan eta Aezkoan bezala).

Lexikoa: ibar bietakoak (eta Aezkoak ibarrekoak ere bai batzuk) dira ondorengo hitzak: abendu / lehen abendu 'azaroa', azken abendu / bigarren abendu 'abendua', azaro 'urri / udazken' adierekin, añai / añagu 'zekalea', arrapatan / repattan 'artzain mutila', autx 'frantsesa', bapana (< bat bana) 'bakoitza', besatxurro 'ukondoa', bizar 'kokots' adierarekin, eltxano 'eltzea', emaro / (e)mallo 'emeki [poliki]', era(u)gi / eragu 'ekarri', kobretse 'udaletxea', kuxela / kuxalena / guzialen 'lehengusu / lehengusina', ler 'pinua', mallo 'bigun, astiro', oeski / oxezki 'laiotza', zenbera... Bi eskualdeotan erabiltzen diren Ipar Euskal Herriko zenbait hitz: aiztur 'guraizea', alatu 'bazkatu', esku zarta 'txaloa', iskilinba 'orratza', kausitu 'aurkitu', labrari (< laborari) 'nekazaria', lili 'lorea', papo 'bularra', ukaldi 'zartakoa', xin 'etorri'... Mugaz bestaldeko mailegu batzuk ere iritsi dira hona: agitu 'gertatu', finitu 'bukatu', fite 'berehala', pausatu' atseden hartu'... Zubererarekin lotura agertzen dutenak: anitx / anitz 'oso' adierarekin, bedatse 'udaberria', besainki / besainke (Zuberoan besainko) 'ukondoa', boronte / boronde 'bekokia', botxe 'amildegia / harkaitza', egari 'erabili, eraman, eutsi' erden (Zuberoan ediren) 'aurkitu', izei 'abetoa', kotta 'gona', kurak (Zuberoan hurak) 'haiek' erakuslea, latsun (Zuberoan latsün) 'karea', mardo 'bigun' adierarekin, obro / aboro (Zuberoan haboro) 'gehiago', oiltu / oildu 'bota, bidali', pixkolte / kiskolde (Zuberoan phikoxte) 'zilborra'... Nafartasuna salatzen duten hitzak ere badira: arroitu 'zarata', beratx / bella 'biguna', garagarzaro 'ekaina', garil 'uztaila', ja 'ezer', sor 'gor' adierarekin. Nafarrak ez ezik, Hego Euskal Herri osokoak diren hitzak ere hedatu dira Zaraitzu eta Erronkarira: errota (vs. Ip. eihera), eskatu (baina baita galtegin ere, Iparraldean bezala), gari (Erronkarin ogi ere bai, Iparraldean bezala), jaungoiko (vs. Ip. jinko), mand(i)re (vs. Ip. mihise), xei 'jai' (vs. Ip. besta), zerengatik (vs. Ip. zendako, zertako)... Zerrenda honi, gainera, gaztelaniatik hartutako maileguak erantsi behar zaizkio.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Zaraitzukoa)
Lexikoa: xarduki 'hitz egin', aitaborze eta amaborze 'aitona/amona eta aitabitxi/amabitxi', bellitu 'iratzarri', kalles 'erronkariarra'...

Erronkariko euskarak kidetasun handia zuen euskara zuberotarrarekin, baina baita Zaraitzukoak ere. Hona hemen hiru hizkeretako hitzak: anitx / anitz 'oso' adierarekin, bedatse 'udaberria', besainki / besainke (Zuberoan besainko) 'ukondoa', boronte / boronde 'bekokia', botxe 'amildegia / harkaitza', egari 'erabili, eraman, eutsi' erden (Zuberoan ediren) 'aurkitu', izei 'abetoa', kotta 'gona', kurak (Zuberoan hurak) 'haiek' erakuslea, latsun (Zuberoan latsün) 'karea', mardo 'bigun' adierarekin, obro / aboro (Zuberoan haboro) 'gehiago', oiltu / oildu 'bota, bidali', pixkolte / kiskolde (Zuberoan phikoxte) 'zilborra'...

http://dialnet.unirioja.es/servlet/fichero_articulo?articulo=865071&orden=43648

No hay comentarios:

Publicar un comentario